Monday 24 May 2010

PARTE-HARTZEA eta IRADOKIZUN POSTONTZIA (I)

Eta biharamonean aurreko idatziaren erantzuna heldu

Fecha de respuesta: 20/05/2010
Respuesta:
Zure galderan planteatzen duzun gaia Aldundian dauden sindikatuekin negoziatzen den gaietako bat da. Sindikatu horiek proposamenak egiten dituzte, gaian interesa duten taldeen proposamenak kontuan hartuta. Horregatik, ez dauka zentzurik proposamen pertsonalak egiteko foro bat zabaltzeak. Hala ere, egokitzat jotzen baduzu, Funtzio Publikora bidal ditzakezu zure ekarpenak. Organo horrek aurkeztutakoa aztertzeko konpromisoa hartzen du.


PARTE-HARTZEA eta IRADOKIZUN POSTONTZIA (II)

Aldundiko intranetean daukagun iradokizun-postontziari buruz idatzi dut iradokizuna gaur bertan, aurreko erantzunak hotz utzi nauela eta. Hona hemen:

"Postontzi honek (edo, beharbada, diseinatu behar genukeen ordezko tresna batek) bere rola hobeto egin dezan guztion ekarpenak biltzea proposatzen dut.

Hona hemen galdera batzuk, bidea zabaltzeko eta ekarpen gehiago biltzeko:

1. Zein da postontziaren sorreraren historia (noren ideia, zer asmoz,...)

2. Betetzen ari ote da bere rola (jende askoren sormena ondo bideratzea antolakundea hobetzeko)? Hobeto bete zezakeen?

3. Zein da bere funtzionamendua (Foro edo berri-taldean arauak agertzen dira; hemen ez dut halakorik ikusi)?

4. Zein da arduraduna?

5. Zelan hobetu dezakegu sistema (prozedura, parte hartzea, testuen formatoa,....)?

6. Aldundikideok sindikatuen edo Funtzio Publikoaren bidez jorratu behar ote ditugu horrelako gaietan ditugun ideiak?

7. Erabiltzen hasi eta ulertu izan dudanaren arabera, honela funtzionatzen du IRADOKIZUN POSTONTZIAK, gutxi gorabehera:

a. norbaitek iradokizuna bota
b. postontziaren arduradunak erantzuteko pertsona egokia aukeratu (???)
c. arduradun horrek erantzun, sinatuta edo sinatu gabe (zergatik?)
d. bidea zabaldu duen horrek erantzuteko, gauzak argitzeko, ideia gehiago emateko edo galdetzeko aukerarik ez
e. beste inoren iritzirik biltzeko modurik ez

Pentsa al dezakegu iradokizunei etekin handiagoa ateratzeko prozedura eta formato egokiago batez?

8. Zer informatika-tresna izan daitezke egokiak horretarako?"

Iradokizuna sartu eta berehala, " Eskerrik asko laguntzeagatik! Zure iradokizuna ondo jaso da." erantzun dit makinak. Egin beharrekoa egin osteko atsegina!

Ondo izan,
Eleder

Wednesday 19 May 2010

BESTELAKO OPOSIZIOEN ALDE (II)

Laster etorri zait erantzuna arduradun batengandik (ordu bi pasatu barik, argiratatuta zen). Hona hemen:


Kaixo Eleder, ez nator bat esaten duzunarekin. Zuk parte hartutako prozesu hori gardena , publikoa eta berdinatsun balditzetan garaturik izan zen. Egia bada zuek 13ok gaiak aukeratzea, jakin dezazun guk ez genuen ez horrela eskatu ezta plangintzatu ere. Guk zerbitzu orokorretara jo genuen, eta handik etorri ziren gaiak. Prozesu guztiak hobe daitezke, eta honek, seguro, hobekuntza eremu handia dauka, eta zure mezua jasoz gero horretan sakondu dugu, baina berdintasun baldintzak eta gardentasuna bermaturik egon ziren eta horretan jarraituko dugu.

Ondo izan eta ea honetan sorte handiago daukazun!!!!!

Nora ote doa hau dena? Ziur aski, honelako kinka "larriak"planteatzea da hobekuntzarako lehenengo urratsa.

Ondoren, beste hau erantsi blogari honek:

Oso ondo. Neu ere prest naukazu prozesu hau hobetzen laguntzeko.

Dena den, oposizioan galdetu beharreko gaiak "barruko 13 hautagaiok" aukeratuak
izanda, barrukook oposiziorako ikasi beharreko gaiok zeintzuk ziren askoz
lehenago jakinda eta gai horien laburpenak esku artean izanda, berdin izango
luke aukera oposizioa ateratzeko "kanpoko jendeak"?

Berdintasuna eta gardentasuna?

Nik ere zorte ona opa dizut, hobekuntza-eremu handia izan dezakeen prozesu honetan zein beste edozertan. Arestian esan bezala, hemen naukazu laguntzeko gogoz.

Ondo bizi!
Eleder Aurtenetxe Pildain

Nora ote goaz hasitako bide honetan? Ziur aski honelako kinkatxoak behar dira edozein prozesu hobetzeko bideari benetan ekiteko.

BESTELAKO OPOSIZIOEN ALDE

Bizkaiko Foru Aldundiko intranetak iradokizunetarako txoko bat ematen digu bertako langileoi. Gaur hitz hauek bota ditugu bertan:

Bilbon, 2010-V-19

Eguerdi on,

duela 3 urte aldi baterako antolaketa teknikari gisa ari nintzen lanean. 13 lagun ginen antzeko plazetan.

2007an 13 antolaketa teknikarirentzako plaza finkoak betetzeko oposizioa etorri zen. Oposizioko lehenengo azterketetako gaiak "barruan" ginen 13 lagunenengandik atera ziren.

TXAPUZA HANDI BAT.

Kanpoan geratu nintzen.

  • Onena: horixe. Prozesu ustel haren alaba den plazarik eskuratu ez izana.
  • Txarrena: horrelako txapuza handi horren lekuko izan, aurka egon eta esan arren, horrela atera zela: txapuza ustel, handi, mots hura.

Atzo hasi naz barriro Aldundian aldi baterako plaza batean. Diotenez, datorren urtean dator oposizioa berriro ere. Oposizio-prozesu hau askoz hobeto diseinatu behar dugu, azterketetako gaiak aukeratzetik bertatik.

Gardentasuna, berdintasuna, publizitatea,... berma ditzagun, egin behar den moduan.

  • Parte hartu nahi duzue guzti hau askoz modu justuagoan, produktiboagoan eta dibertigarriagoan eman dadin etorkizuneko oposizioetan?
  • Nork du ardura aurreko oposizio hartakoa berriz gerta ez dadin? Mesedez
    jarri harremanetan.
  • Zelangoak izan behar lukete oposizioko gaien aukeraketa-prozesuak, azterketen diseinuak eta zuzenketa irizpideak?

Honen inguruan asko egon daiteke berba egiteko. Irekitako espazio hau oso emankorra izango delakoan, ondo bizi!

eleder.aurtenetxe@bizkaia.net

Mezua idatzi eta kili-kili gozo bat bihotzean nuela onartu-klika egindakoan, honela erantzun dit makinak: "Eskerrik asko laguntzeagatik! Zure iradokizuna ondo jaso da".

Zer poza, makinaren atzean dauden lankideak horren atsegin handiz har bezate mezua, jinkoarren!