Tuesday 12 December 2023

Funtzionarioak eta funtzerritarrak

Xabier  Irastorza Garmendiaerna etorri zait Mastodon bitartez, 

eta harexek piztu dit hausnarketa hau,

jarraian transkribituko dudana, zirriborro gisa.


Bizi!

Xabierrek berak erabilitako argazkia hartu dut hor goian.


Gentza Eleder


**********

Funtzionariotzaz, nola sistema osasuntsu baterantza egin?

Xabier, kaixo! Asko eskertzen dizut gai honi sakon heldu diozula (hemen: Langile publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk | Xabi Irastorza Garmendia - wordpress.com) 2. zatia luzeegi zetorkidan oraingoz ;-) eta irakurri dudanak eragindakoa idatziko dut jarraian.

(Idazten hasi eta gozatu naizenez, luze joan jatanez, izenburuak gehitu dotsedaz tarteka, irakurketa arinagoa errezteko asmoz

Bestetik, zirriborroa dogu idatzi hau, barrukoak eta kanpokoak entzun eta zuzentzekoa aurrerantzean)

Argi dago, konplexua da gaia, ez horren beltz ez zuri-zuri, eta askoz denbora gehiago eman behar genioke honetaz sakon eta zintzo hausnartzeko, alde askotatik.

Hasteko guk geuk, enplegu publikoetan diardugunok.

Horrexegatik, oso eskertzekoa atea zabaltzea, Xabier!

1  Covid19 garaiko bizipenak eta funtzionariotza

Covid19 horren hegalpean ikusi izan dugu ere bai, inoiz baino argiago, muturrean, gaur egun funtzionariotza zer den, azaldu duzun aurpegi argi horretaz gain: akritikotasuna, ilegalkeria goitik beherainokoa, otzankeria, agintekeria, biolentzia. Hedabideetan, osasun sistema publikoan, polizian, garraiobideetan eta danean. Hemen ere irakurri dezakegu horretaz labur eta argi.

2020eko urrian karnet espainola eskura eman nahi ez izateagatik (erakutsi bai, erakutsiko geniola lasai, identifikatzeko eskatu zigunean, legez-legezkoa dena) atxilotu gintuen eta txostena gezurrez osatu zuen ertzaina ere funtzionarioa da; gure seme-alabei legez kanpoko hainbeste agindu ematen zizkieten hainbat irakasle eta zuzendaritza taldekoak funtzionarioak dira ere bai; jendea ikaraz eta larri-larri jarriz muturretarainoko propaganda faltsu etengabea zabaldu eta informazioa eta elkarrizketa publikoak ukatu eta zentsuratu zizkiguten hainbeste kazetari, ere bai, langile publikoak; burkideei inposatutako hainbeste legez kanpokokeria onartu eta sustatu zituzten sindikatutetako langileak, ere bai.

Eta zer esan osasun sistema publikoan eta nagusientzako egoitzetan gertatu izan denari buruz? Gutxi dakigu horretaz, barrukoak isilik egon direlako, ia guztiz. 

Noiz idatziko digute han eta orduan emandako zentzungabekeriei eta bidegabekeriei buruz? 

Noiz eta nola garbitu iragana eta osasun sistema osatu?

Ez, ez dugu, gertatutako guztia gertatu eta gero, apenas balantzerik egin, aitortzarik, ez eta etorkizunerako ezelango zuzenketa asmorik agertu ere.  

Izutzekoa.

2  Automatak funtzionariotzan, funtzionariotza automatikorantza?

Herriaren alde, onena emoteko gogoz dabiltzan jende argi askoren ondoan, agintari politikoen edozein agindu zentzunbako bete eta “azpikoei” (izatez, klasekeria galanta arnasten dogu funtzionarioon artean, Frantzia/Espainiatik legez inposatuta dugun egitura hierarkikoa barneratzen baitugu egunez egun, jabetu gabe ere!) eta herritarrei betearazteko, buru eta bihotz gaixoko automata antzeko pilo bat lagun gabiltza funtzionariotzan ere bai.

Edo ohiko-ohikoa ere bai, horrelako agintekeriak muzturren aurrean sentitu-antzeman-pairatu-ikusita, ez-ikusi egingo dutenak, isilik egongo direnak, beste aldera begiratuko.

Areagotuko dut, zenbat eta urte gehiago funtzionario jardun, gero eta horrelakoagoak bihurtzen gara funtzionario gehienak. Administrazio-sistema horrela (horretarakoxe?) dago diseinatuta eta horretantxe da efikaza.

Areago, automatetan automatenei errazago ematen dizkiegu ardura eta soldata handiagoak, gorago egin ohi dute, ikusita dekogu argi-argi gure inguruan, hamaika horrelako!

Uste dut sistemak berak eta mendeotako giza-historiak errazten duela urratze hori, utzikeria pertsonala eta kolektiboa. Tamalgarria.

Zenbat gazte hasten dira funtzionario, gizartearentzat lan egiteko ilusioz, eta urteen poderioz beratzen, kamusten, usteltzen, gaixotzen edota zerraldotzen bertan?

3  Funtzionarioentzako kontratu “blindatuak”?

Kontratu “blindatuak” izateak ez du gauza askorik aldatzen. Bardin ikusten dodaz isilik, akritiko, otzan, ustel-zuritzaile, epel, hainbeste funtzionario finko, ”betiko” plaza latz hori eskuratutakoak. Nolatan, ba, hain uzkur bizi, horren baldintza “pribilejiozkoetan”? Bake itxurako baten alde? “Gora” egiteko grinagatik? Ingurura moldatze hutsa?

Ez ote gaitu gizakiak erosokeria handiegiegiak txepeltzen, desgaitzen, "hiltzen"? 

Eta ez ote gaitu erosokeria larreko horrek politikan ardura dutenen gehiegiekeriaren eta zentzungabekeriaren tresna errezago bihurtzen?

Zenbat lege eta arau hausten ditugu eguneroko lanean politikariek eta funtzionariook, legearen joku-esparrua zaintzen bereziki trebe ibili behar ginatekenak?

Zer egiten dugu, lankide gaituzten funtzionariook, horren aurrean? Eta langileok ordezkatzen ei gaituzten sindikatuek?

4  Funtzionaritzaren lan-baldintzei buruz, funtzerritartasuna, oposizioak

Diozu, “lan-baldintza onak edo, hobe esanda, onenak behar dituzte lanpostu horietan profesional onak edo onenak erakarri eta mantendu ahal izateko”.

Eta, lan-baldintza ontzat joko bagenu, jardun laburragoa (20 ordu/aste, 4 lan egun, esaterako, enplegua banatuz) eta soldata ertain bat? 

Bilatuko bagenitu benetan herritarren alde lan  egitea ohore eta plazertzat hartzen duten langileak, “segurtasuna” bai, erosotasuna bai, dirutan ertain jasoko duen benetako langilego profesional eta bokazioduna?

Politikariekin lankide jardun bai, inola ez menpeko ibiliko litzatekeen jende-modu argia, independentea, irmoa, zuzena?

Eta oposizioak zozketaz egingo bagenitu, oinarrizko baldintzak betetzen dituzten izan-nahien artean?

5  Zer egin behar dogu funtzionariook begi aurreko ustelkeria egunerokoaren aurrean?

Zer dakigu funtzionariook, benetan, zer egin ote behar genukeen eta nola jokatu behar genukeen muzturren aurreran irregulartasunak eta legez kanpokokeriak gertatzen direnean? Nola sustatuko genuke funtzerritarron arteko jakintza eta ohitura hori, auzo-babesa? Nola birgaitu, sistema seguru, osasuntsu, bizi bat izateko?

Azken aldian buruan darabilkidan gaia, BFA protagonista nagusia duen Urdaibaiko Guggenheim proiektua, kasurako. Dirudienez, legez kanpokoa, oso, itzelezko dirutza publikoa eta energia zuloratu nahi duena. Eta argi eta garbi, herritarren eta mundutarren aurkakoa.

Nola abiarazi dezakegu BFA barruko plataforma zabal bat proiektu antzu hau (hainbeste energia xurgatzen ari dena, sistema osoan) lehen bait lehen geldiarazteko, eta politikari ustelen praktikak zorrotz mozteko behingoz?

Arduradunei horrelako ganorabakokeriarik (zalantzak dituzu? Irakurri hemen arrazoi ugari, #GuggenheimUrdaibaiStop plataformaren eskutik) proposatzea burutik pasako ere ez litzaiekeen puntuan egon behar ginateke, herritarrok eta funtzionariook gu geu jende-modu sasoitsua bagina eta ganoraz antolatuta bageunde.

Herritar orok asko irabaziko luke, funtzionarioek eta funtzerritarrek ere bai, guztiok.

6 Funtzionariotzak frantzespainoltzen gaitu, zelan buelta eman horri?

Euskarari dagokionean, bai, funtzionariotzak, Frantzia/Espainiako estatuen menpeko egiturak izanik, euren hizkuntza, pentsakera, lege eta izaeraren menpekoak izanik, frantsespainoltzen gaituzte. Egunero. Nabarmena da alde askotan. Eta aldi berean, euskaraz gehiago egiteko aukerak zabaltzen, batzuetan. Paradoxa.

Kasu, 2023ko urria, antolaketa teknikarien oposizioa BFAn. 200 lagun inguru lehenengo azterketako egunean. Zenbatek eskatu genuen azterketa euskaraz egin nahi genuela? Batek! Zein maila eskatzen zitzaigun sartu ahal izateko? C1 (EGA maila)! Zer dugu BFA barruan arau? Euskarazko zerbitzua ematea nahi duen orori, eta euskararen erabilera sustatzea eta lehenestea. Eta zer egiten dugu sarreratik bertatik euskaraz jardun dezaten, euskaraz ondo dakiten funtzionariogaiek? Diseinatuta daukagun moduan, errezago gaindituko duzu oposizioa, eta beraz, funtzionario hasi, gazteleraz egin nahi baduzu azterketa, euskaraz egin nahi baduzu baino. 

Zer dela eta? Misterio handi bat da hori niretzat. Hau donk hau! 

Nola birdiseinatu dezakegu sistema, alderantziz gerta dadin? Hau da, euskaraz pentsatzen, idazten, hitz egiten duenak gainditzen eta funtzerritar hasten errezago izan dezan?

7  Funtzionariotza, noraino?

Bestalde, eta hau polemikoa izango da ere, administrazio publikoa arrunt puztuta dagoela uste dut (sistema idealean halakorik ez genuke ezer behar, arbolek ez dute behar, planetak ere ez). 

Guztion poltsikoetatik ordaintzen dugu. Batzutan absurdoraino, herritarrak kaltetzeko “zerbitzuak”emoteko muturreraino (badaukagu adibide ugari gutako bakoitzak buruan, bai?). 

Benetan Bizkaiak behar du Turismo jarduera bultzatzeko Sail bat? Dirutza bat eta funtzionario pilo bat jarri behar dugu hori sustatzeko (eta sahiets, hainbeste jende kaltetzeko?). Ze logika, ze historia, eta ze interes daukate horrelako egitateek? Ze beste zeregin publikotan jarri genezake energia hori guztia?

Zeintzuk dira oinarrizko zerbitzuak eta zer dago puztuta? Ze tamainako administrazioa behar dugu? Ze alorretan? Eta ze alorretan dago sobera(koa)? Argi dagoena zera da. Alderdi politikoek eta hainbat politikarik euren “laguntxuei” pribilejioak emateko baliatzen dute hainbeste lanpostu publiko, eta etengabeko propagandan ari dira herritarroi burua jateko asmoz.

Eta, susmoa, batzuetan sindikatuak ere joko horretan ote dabiltza, euren bezero/bazkideen mesedetan?

8  Orekaren bila, sistema osasuntsuaren alde

Beste galdera aspaldiko batzuk nire ganbaran, 2020tik gogor-gogor berresten zitzaizkidanak sarri.

Ze ratio daukagu Euskal Herrian, funzionario/herritar?
Eta polizia/herritar? Politikari/herritar? Ze bilakaera izan dute ratio horiek azken hamarkadetan? Ze logika dauka honek guztiak?

Zein litzateke maila egokia edo beharrezkoa? Zenbat eta ratio handiagoak, hobe?

Zertarako, ze eginkizun zehatzetan eta ze neurritan behar ditugu benetan langile eta sistema publikoak?

Noraino murriztu behar dogu? Non da oreka?

Nola orekatu eta osatu dezakegu sistema gaixo eta arriskutsu hau?

Eta, bestetik, zelan lortu benetan gogotsu, sormentsu, zerbitzu emoteko gogoz gainezka dabilen (langile publikoen?) komunitate ireki, pozeko eta osasuntsu bat?

Funtzionariotzatik kanpo eta barru ibili gogo duena eta pozik ibiliko dena, sistema bera haizeberrituz, aberastuz, zabalduz?

9  Konponbideak, nondik hasi?

Problema konplexua da (eta polita). Eta guztiok gara parte. Konponbidean ere bai. Eta katramila hau askatzen hasiko bagara, herritarrongandik, funtzerritarrongandik, eta gure organo ordezkariengandik hasita aldatuko dogulakoan nago. “Behetik gora”. Bestela, jai!

Bai, oso gai polita zait hau. Hausnarketa zintzoa, zabala, jarraia eta sakona behar dugu, sistema biziberritzeko.

Eskerrik asko berriz ere, Xabier, atea zabaltzearren!


Gentza Eleder Aurtenetxe Pildain

Bizkaiko Foru Aldundian antolaketa teknikari bitartekoa

Gentza.eleder@protonmail.com

1 comment:

  1. Independentean hasi dira ematen idatzi hau, hiru ataletan zatitua, eta beste herritar eta funtzerritarren iruzkinak biltzen dira bertara, elkarrizketa zabaltzen: https://independentea.eus/funtzionarioak-eta-funtzerritarrak/

    ReplyDelete