Xabier Irastorza Garmendiaerna etorri zait Mastodon bitartez,
eta harexek piztu dit hausnarketa hau,
jarraian transkribituko dudana, zirriborro gisa.
Bizi!
Gentza Eleder
**********
Funtzionariotzaz, nola sistema osasuntsu baterantza egin?
Xabier, kaixo! Asko eskertzen dizut gai honi sakon heldu diozula (hemen: Langile
publikoak, pribilejioak eta beste kontu batzuk | Xabi Irastorza Garmendia -
wordpress.com) 2. zatia luzeegi zetorkidan oraingoz ;-) eta
irakurri dudanak eragindakoa idatziko dut jarraian.
(Idazten hasi eta gozatu naizenez, luze joan jatanez, izenburuak gehitu
dotsedaz tarteka, irakurketa arinagoa errezteko asmoz
Bestetik, zirriborroa dogu idatzi hau, barrukoak eta kanpokoak
entzun eta zuzentzekoa aurrerantzean)
Argi dago, konplexua da gaia, ez horren beltz ez zuri-zuri, eta askoz
denbora gehiago eman behar genioke honetaz sakon eta zintzo hausnartzeko, alde
askotatik.
Hasteko guk geuk, enplegu publikoetan diardugunok.
Horrexegatik, oso eskertzekoa atea zabaltzea, Xabier!
1 Covid19 garaiko bizipenak eta
funtzionariotza
Covid19 horren hegalpean ikusi izan dugu ere bai, inoiz baino argiago,
muturrean, gaur egun funtzionariotza zer den, azaldu duzun aurpegi argi
horretaz gain: akritikotasuna, ilegalkeria goitik beherainokoa, otzankeria,
agintekeria, biolentzia. Hedabideetan, osasun sistema publikoan, polizian,
garraiobideetan eta danean. Hemen ere irakurri dezakegu horretaz labur eta argi.
2020eko urrian karnet espainola eskura eman nahi ez izateagatik
(erakutsi bai, erakutsiko geniola lasai, identifikatzeko eskatu zigunean,
legez-legezkoa dena) atxilotu gintuen eta txostena gezurrez osatu zuen ertzaina
ere funtzionarioa da; gure seme-alabei legez kanpoko hainbeste agindu ematen
zizkieten hainbat irakasle eta zuzendaritza taldekoak funtzionarioak dira ere
bai; jendea ikaraz eta larri-larri jarriz muturretarainoko propaganda faltsu
etengabea zabaldu eta informazioa eta elkarrizketa publikoak ukatu eta
zentsuratu zizkiguten hainbeste kazetari, ere bai, langile publikoak; jende pilo bat heriotzara eraman zituzten mediku, eraizain eta laguntzaile ugari, funtzionarioak baita, burkideei
inposatutako hainbeste legez-kanpokokeria onartu eta sustatu zituzten
sindikatutetako langileak, ere bai.
Eta zer esan osasun sistema publikoan eta nagusientzako egoitzetan gertatu izan denari buruz? Gutxi dakigu horretaz, barrukoak isilik egon direlako, ia guztiz.
Noiz idatziko digute han eta orduan emandako zentzungabekeriei eta bidegabekeriei buruz?
Noiz eta nola garbitu iragana eta osasun sistema osatu?
Ez, ez dugu, gertatutako guztia gertatu eta gero, apenas balantzerik egin, aitortzarik, ez eta etorkizunerako ezelango zuzenketa asmorik agertu ere.
Izutzekoa.
2 Automatak funtzionariotzan, funtzionariotza
automatikorantza?
Herriaren alde, onena emoteko gogoz dabiltzan jende argi askoren ondoan,
agintari politikoen edozein agindu zentzunbako bete eta “azpikoei” (izatez,
klasekeria galanta arnasten dogu funtzionarioon artean, Frantzia/Espainiatik legez inposatuta dugun egitura hierarkikoa barneratzen baitugu egunez egun,
jabetu gabe ere!) eta herritarrei betearazteko, buru eta bihotz gaixoko
automata antzeko pilo bat lagun gabiltza funtzionariotzan ere bai.
Edo ohiko-ohikoa ere bai, horrelako agintekeriak muzturren aurrean sentitu-antzeman-pairatu-ikusita, ez-ikusi egingo dutenak, isilik egongo direnak, beste aldera
begiratuko.
Areagotuko dut, zenbat eta
urte gehiago funtzionario jardun, gero eta horrelakoagoak bihurtzen gara funtzionario gehienak. Administrazio-sistema horrela (horretarakoxe?) dago diseinatuta eta horretantxe da efikaza.
Areago, automatetan
automatenei errazago ematen dizkiegu ardura eta soldata handiagoak, gorago egin
ohi dute, ikusita dekogu argi-argi gure inguruan, hamaika horrelako!
Uste dut sistemak berak eta mendeotako giza-historiak errazten duela
urratze hori, utzikeria pertsonala eta kolektiboa. Tamalgarria.
Zenbat gazte hasten dira funtzionario, gizartearentzat lan egiteko ilusioz, eta urteen
poderioz beratzen, kamusten, usteltzen, gaixotzen edota zerraldotzen bertan?
3 Funtzionarioentzako kontratu “blindatuak”?
Kontratu “blindatuak”
izateak ez du gauza askorik aldatzen. Bardin ikusten dodaz isilik, akritiko,
otzan, ustel-zuritzaile, epel, hainbeste funtzionario finko, ”betiko” plaza latz hori
eskuratutakoak. Nolatan, ba, hain uzkur bizi, horren baldintza
“pribilejiozkoetan”? Bake itxurako baten alde? “Gora” egiteko grinagatik? Ingurura moldatze hutsa?
Ez ote gaitu gizakiak erosokeria handiegiegiak txepeltzen, desgaitzen, "hiltzen"?
Eta ez ote gaitu erosokeria larreko horrek politikan ardura dutenen gehiegiekeriaren eta zentzungabekeriaren tresna
errezago bihurtzen?
Zenbat lege eta arau hausten
ditugu eguneroko lanean politikariek eta funtzionariook, legearen
joku-esparrua zaintzen bereziki trebe ibili behar ginatekenak?
Zer egiten dugu, lankide
gaituzten funtzionariook, horren aurrean? Eta langileok ordezkatzen ei gaituzten
sindikatuek?
4 Funtzionaritzaren
lan-baldintzei buruz, funtzerritartasuna, oposizioak
Diozu, “lan-baldintza onak
edo, hobe esanda, onenak behar dituzte lanpostu horietan profesional onak edo
onenak erakarri eta mantendu ahal izateko”.
Eta, lan-baldintza ontzat joko bagenu, jardun laburragoa (20 ordu/aste, 4 lan egun, esaterako, enplegua banatuz) eta soldata ertain bat?
Bilatuko bagenitu benetan herritarren alde lan egitea ohore eta plazertzat hartzen duten
langileak, “segurtasuna” bai, erosotasuna bai, dirutan ertain
jasoko duen benetako langilego profesional eta bokazioduna?
Politikariekin lankide
jardun bai, inola ez menpeko ibiliko litzatekeen jende-modu argia,
independentea, irmoa, zuzena?
Eta oposizioak
zozketaz egingo bagenitu, oinarrizko baldintzak betetzen dituzten izan-nahien
artean?
5 Zer egin behar dogu funtzionariook begi
aurreko ustelkeria egunerokoaren aurrean?
Zer dakigu funtzionariook, benetan, zer egin ote behar genukeen eta nola
jokatu behar genukeen muzturren aurreran irregulartasunak eta legez
kanpokokeriak gertatzen direnean? Nola sustatuko genuke funtzerritarron arteko
jakintza eta ohitura hori, auzo-babesa? Nola birgaitu, sistema seguru,
osasuntsu, bizi bat izateko?
Azken aldian buruan darabilkidan gaia, BFA protagonista nagusia duen Urdaibaiko
Guggenheim proiektua, kasurako. Dirudienez, legez kanpokoa, oso, itzelezko dirutza publikoa eta energia zuloratu nahi duena. Eta argi
eta garbi, herritarren eta mundutarren aurkakoa.
Nola abiarazi dezakegu BFA barruko plataforma zabal bat proiektu
antzu hau (hainbeste energia xurgatzen ari dena, sistema osoan) lehen bait lehen
geldiarazteko, eta politikari ustelen praktikak zorrotz mozteko behingoz?
Arduradunei horrelako ganorabakokeriarik (zalantzak dituzu? Irakurri hemen arrazoi ugari, #GuggenheimUrdaibaiStop plataformaren eskutik) proposatzea burutik pasako ere ez
litzaiekeen puntuan egon behar ginateke, herritarrok eta funtzionariook gu geu
jende-modu sasoitsua bagina eta ganoraz antolatuta bageunde.
Herritar orok asko irabaziko luke, funtzionarioek eta funtzerritarrek ere
bai, guztiok.
6 Funtzionariotzak frantzespainoltzen gaitu, zelan buelta eman horri?
Euskarari dagokionean, bai, funtzionariotzak, Frantzia/Espainiako estatuen
menpeko egiturak izanik, euren hizkuntza, pentsakera, lege eta izaeraren menpekoak izanik,
frantsespainoltzen gaituzte. Egunero. Nabarmena da alde askotan. Eta aldi
berean, euskaraz gehiago egiteko aukerak zabaltzen, batzuetan. Paradoxa.
Kasu, 2023ko urria, antolaketa teknikarien oposizioa BFAn. 200 lagun inguru lehenengo azterketako egunean. Zenbatek eskatu genuen azterketa euskaraz egin nahi genuela? Batek! Zein maila eskatzen zitzaigun sartu ahal izateko? C1 (EGA maila)! Zer dugu BFA barruan arau? Euskarazko zerbitzua ematea nahi duen orori, eta euskararen erabilera sustatzea eta lehenestea. Eta zer egiten dugu sarreratik bertatik euskaraz jardun dezaten, euskaraz ondo dakiten funtzionariogaiek? Diseinatuta daukagun moduan, errezago gaindituko duzu oposizioa, eta beraz, funtzionario hasi, gazteleraz egin nahi baduzu azterketa, euskaraz egin nahi baduzu baino.
Zer dela eta? Misterio handi bat da hori niretzat. Hau donk hau!
Nola birdiseinatu dezakegu sistema, alderantziz gerta dadin? Hau da, euskaraz pentsatzen, idazten, hitz egiten duenak gainditzen eta funtzerritar hasten errezago izan dezan?
7 Funtzionariotza, noraino?
Bestalde, eta hau polemikoa izango da ere, administrazio publikoa arrunt puztuta dagoela uste dut (sistema idealean halakorik ez genuke ezer behar, arbolek ez dute behar, planetak ere ez).
Guztion poltsikoetatik ordaintzen dugu.
Batzutan absurdoraino, herritarrak kaltetzeko “zerbitzuak”emoteko muturreraino
(badaukagu adibide ugari gutako bakoitzak buruan, bai?).
Benetan Bizkaiak behar du Turismo jarduera bultzatzeko Sail bat? Dirutza
bat eta funtzionario pilo bat jarri behar dugu hori sustatzeko (eta sahiets,
hainbeste jende kaltetzeko?). Ze logika, ze historia, eta ze interes daukate
horrelako egitateek? Ze beste zeregin publikotan jarri genezake energia hori
guztia?
Zeintzuk dira oinarrizko zerbitzuak eta zer dago puztuta? Ze tamainako
administrazioa behar dugu? Ze alorretan? Eta ze alorretan dago sobera(koa)?
Argi dagoena zera da. Alderdi politikoek eta hainbat politikarik euren
“laguntxuei” pribilejioak emateko baliatzen dute hainbeste lanpostu publiko,
eta etengabeko propagandan ari dira herritarroi burua jateko asmoz.
Eta, susmoa, batzuetan sindikatuak ere joko horretan ote dabiltza, euren
bezero/bazkideen mesedetan?
8 Orekaren bila, sistema
osasuntsuaren alde
Beste galdera aspaldiko batzuk nire ganbaran, 2020tik gogor-gogor berresten
zitzaizkidanak sarri.
Ze ratio daukagu Euskal Herrian, funzionario/herritar?
Eta polizia/herritar? Politikari/herritar? Ze bilakaera izan dute ratio horiek
azken hamarkadetan? Ze logika dauka honek guztiak?
Zein litzateke maila egokia edo beharrezkoa? Zenbat eta ratio handiagoak,
hobe?
Zertarako, ze eginkizun zehatzetan eta ze neurritan behar ditugu benetan
langile eta sistema publikoak?
Noraino murriztu behar dogu? Non da oreka?
Nola orekatu eta osatu dezakegu sistema gaixo eta arriskutsu hau?
Eta, bestetik, zelan lortu benetan gogotsu, sormentsu, zerbitzu emoteko
gogoz gainezka dabilen (langile publikoen?) komunitate ireki, pozeko eta osasuntsu
bat?
Funtzionariotzatik kanpo eta barru ibili gogo duena eta pozik ibiliko
dena, sistema bera haizeberrituz, aberastuz, zabalduz?
9 Konponbideak, nondik hasi?
Problema konplexua da (eta polita). Eta guztiok gara parte. Konponbidean
ere bai. Eta katramila hau askatzen hasiko bagara, herritarrongandik,
funtzerritarrongandik, eta gure organo ordezkariengandik hasita aldatuko
dogulakoan nago. “Behetik gora”. Bestela, jai!
Bai, oso gai polita zait hau. Hausnarketa zintzoa, zabala, jarraia eta
sakona behar dugu, sistema biziberritzeko.
Eskerrik asko berriz ere, Xabier, atea zabaltzearren!
Gentza Eleder Aurtenetxe Pildain
Bizkaiko Foru Aldundian antolaketa teknikari
Independentean hasi dira ematen idatzi hau, hiru ataletan zatitua, eta beste herritar eta funtzerritarren iruzkinak biltzen dira bertara, elkarrizketa zabaltzen: https://independentea.eus/funtzionarioak-eta-funtzerritarrak/
ReplyDelete