Monday, 17 June 2024

Lotarako arazoak? Tori pilulatxoa! (Medicating Normal)

Lehengo egunean aspaldiko lagun on bategaz. Arrasti ederra pasatu genuen, itzel jator portatu zen, aspaldiko kontuak eta barreak ugari.

Momentu baten, ostera, ezustekoa bota zigun. Bajan dabil, bulegoko nagusiagazko arazo potoloak aspalditxo, eta lo egin ezinik, pott eginda. Medikuak baja agindu dio, ederto!

Eta lotarako pilulak. Ai ama!

Gaur beste hau etorri zaigu epostara, Dr. Makis-en eskutik. Saritutako dokumentala, ordu ta laurdenekoa, Medicating Normal (Wendy Ractliffe and Lynn Cunningham), 2022koa: 

Askotan pentsatzen dugu egitea dela hobe. Arazo bat? Zeozer egin!

Eta, ostera, nik uste dut, konponbidea bestelakoa dela sarri. Arazoak? Egon! Atsedena hartu, distantzia hartu, lo egin. Utzi bizitzari bere autoeraketan dana dalakoa osatzen.

Zerk eragiten dio aipatu dudan lagunari lo egin ezina? Laneko egoera zail batek. Egitura hierarkiko bat eta nagusi zital bat bulegoan. Laneko tratu txarrak jasan ditu urte batzutan, eta lepo egin du. Etxetik lanera ateratzear dela, gorputzak agindu dio: ez, hara ez! Egon! Eta horrela egin du. 

Eta medikuarengana gero. Hark, egoera aztertuta, baja, argi eta garbi, bai. Baina-eta lotarako pilulak. 

Atera zitzaidan, "argi dago, laguntxo, baja behar duzu. Hori bai,  pulularik ez nuke hartuko nik, zure tokian. Lan horretatik alde egin, moztu harekiko lotura eta bizitza birplanteatu. Lehenengo norbera da. Osasuna."

Aspaldi da ezaguna, iatrogenia, iatrogenesia, Ivan Illich (1926-2002) pentsalari, ikertzaile eta ekintzaile handiak zabaldu zuen asko kontzeptua, mediku sistemak eta jarduerak berak eragindako gaixotzea. Dirudienez, gaur egun 3.a da iatrogenia heriotz-eragile handien artean. Hara ba, Ivan Illich ekarri gura izan dugu hona iatrogenia oroitzean, eta zelako puska ederra agertu zaigun, frantsesez, Jean Marie Domenach-egazko elkarrizketa batean, hemen Ivan Illich, oso argitsu. Eta hemen, pentsalari handi haren liburu bat, Némesis Médica, deskartzeko moduan.

Beste alde batetik guztiok egin beharrekoa dugu, uste dut, norbere bizitza osoari buruzko hausnarketa sakonaga, eta barruko sineste potoloenak, gobernaezinenak aztertu eta eraldatu. Zer dela eta ematen diogu horrenbesteteko garrantzia, esaterako, lanari eta kanpora begira betetzen dugun rolari? Norbere osasuna kaltetu arteko neurrian? 

Nola horren errotutako buruko uste oso horiek eraldatu, oreka osasungarriago baterako?

Pilulak? Ez nuke horrelakorik hartuko. Lanera ez joate hutsak, denboraz, horrexek osatuko zaitu, eta lo goxoa itzuliko dizu. Beharbada, bueltan, nagusi erre horrek, gainera, bere jokaera aldatuta izango du, beharbada hasnartu du zelan jendeagaz ibili. Pilulok zer? Epe laburrean arazoa estali, bai, osatu ez inondik, eta epe luzerako arazo potoloak eta osasun galtzea, hori ziur.

Gaur etorri zaigu Wendy Ractliffe eta Lynn Cunningham-ek zuzendutako dokumental handi honen berri, lehengo egunean berriz zabaldu zitzaigun kezka, oraingoz, ixteko.

Zabaldu dokumental honen barri, arren, gai potoloa dugu eta inguruko lagun askori, gizarte osoari eragiten digu.

ge

No comments:

Post a Comment